XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...)eta hori homeopatiazko magiaren printzipioaren arabera egin badaiteke ere, alegia, su bat beste baten kontrako babesa dela pentsatzen delako, baliteke, halaber, asmoa sorgin suegileak urrun mantentzea izatea.

Orobat, jendeak tripako minen kontra egiten du salto sutzarren gainetik, eta begiak osasuntsu izateko egoten da garrei begira-begira; eta bai tripako mina eta bai begi ezkelak, sorginen trikimailuen ondorio jotzen dituzte Alemanian eta beste leku batzuetan.

Berebat, udako suen gainetik salto egitea edo haien jiran ibiltzea babes ona omen da uztaroan bizkarreko minik ez izateko; eta Alemanian sorgin-kolpeak deitzen diete gaitz horiei, hau da, sorginkeriaren alorreko jotzen dira.

Baina su-jaietako sutzarrak eta zuziak, beste ezeren aurretik, sorginen kontra zuzendutako armatzat hartu behar badira, litekeena da azalpen berorrek balio izatea, bai airera jaurtitzen diren disko gartuentzat eta bai abagune horietan mendian behera botatzen diren gurpil sutuentzat ere;

diskoak, eta gurpilak, pentsa genezake, airean hegan edo soroetan, baratzetan eta mendi-mazeletako mahastietan zehar ikustezin dabiltzan sorginak erretzeko izango lirateke.

Izan ere, beti pentsatu ohi da sorginak erratz-makilen gainean ibiltzen direla airean, edota beste antzeko ibilgailuetan; eta hala egiten badute, nola harrapatu haiek jaurtigai irazekien bidez baino hobeto, hau da, disko, zuzi edo makilen bidez, gure buruen gainetik ilunean hegan pasatzen direnean?

Hegoaldeko eslaviar nekazariak sinesten du sorginak txingor-laino beltzetan ibiltzen direla eta, beraz, tiro egiten die lainoei haiek botatzeko, honela madarikaten dituelarik: Madarikatua, madarikatua Herodias; zure ama fedegabea zen, Jainkoak kondenatua eta Salbatzailearen odolak kateatua.

Orobat, egur-ikatz goriz betetako potea ateratzen du, olio santua, erramu-hostoak eta asentsio-belarra botata kea egiteko.

Ke horrek lainoetara igo eta sorginak sorgortzen omen ditu, eta hala lurrera erortzen omen dira.

Eta biguinera eror ez daitezen, alegia, ahalik eta minik handiena har dezaten, baserritarrak laster aterako du aulki bat eta hankaz gora jarriko, zertarako eta sorginak erortzean, hankak aulkiaren hanken kontra hauts ditzan.

Hori baino okerragoa, ankerki uzten ditu segak, sardeak eta beste arma izugarri batzuk ahoa eta puntak gora begira, gajo miserable haiek lainoetatik erortzen direnean ebaki eta zehatzeko.

Ikuspegi honetatik, sua sutzar, zuzi, disko, gurpil eta abarren itxuran erabiltzeak omen dakarren emankortasuna ere, ez da sumatzen (...)